2016/01/02

DIBERTITZEA



Egunsentian
zein hemisferiotan sentitzen duzu zirrara?
ez zaitu oraindik inork asmatu

Eguerdian
haizeak zuhaitzen adarrak mugitzen dituen bezala mugitzen zara
hostoak erortzen zaizkizu
eta berriak atera

Gauerdian
esku hotz haiek gogoratzen dituzu
desio dituzu
eta dibertitzea soilik nahi duzu

2015/11/25

93



Armak, sokak, piramideak,
aldapak, harriak, kateak,
tronuak, makilak, albisteak,
oroitzapenak soilik izango al dira inoiz?

2015/10/21

IPARRALDETIK


Sarreran ahaztutako aterkia ikustean
errotik atera zitzaizkidan arratsalde hartako irribarre guztiak.

Iparraldetik etorri zinen
eta nik hatzaparrekin kristala kolpatzen jarraitzen dut


2015/09/12

ZUHURRA DEN DISTANTZIA


Zure besoak begiratzen ditut
begiak itxi aurretik

eta bitartean aberri bat zutenak zirrikitu bila
airezko harresi zurrunetan
aberri berrien bila

zuhurra den distantzia batetik begiratzen diet
eta ilea kizkurragoa izatea nahiko nuke
halakotan

2015/07/29

NAHASTEN



Ispilu aurrean lausotua nago
eta armairuan behin eta berriz
galtzen naiz

Atrezzoa zer den
eta zer ez den nahasten zaidanean
behin eta berriz
galtzen naiz

2015/06/28

JE NE SUIS PAS

Terrorismoa zer ote den
galdetu Ciudad Juarezen edo
zure bizilagunari

Je suis Nagore diote batzuk
eta orduan
nor naizen ere ez dakit
banituen mugak zirriborratzen zaizkit
izu gehiago sentitu daiteke?

Arkatzak, kristalak eta telebistako albiste gehiago

2015/04/30

ZENBAT SEGUNDU



Haizea bezalako zerbait nabari da hemendik
begiak itxita haizea bera dela esango nuke
baina urrunegi gaude eta,
horrek zenbatzera narama
zenbat segunduk banatzen gaitu?
makurturiko zenbat lepok?
zenbat eskumutur bizkerrean lotuta?

Nire eskuetako hatzamarrak gutxiegi dira
laztantzen gaituen haizeak giltzapetu nauela ohartzen naiz

Baina orduan ametsetan egiten didazu bisita
gutxiegi espero dudanean,
maitasuna hori bera omen da
ezer esateko ez bada ere gertu gaudela sentitzea

Itxaroten izango gaituzu
mendi tontor, zulo ilun eta itsaso zabal guztietan
eskuburdinak erraietako beroarekin urtuko ditugu
besoak haizerakin nahastuz

Eta inoiz joan ez bazina bezala izango da
Ederrago agian